Auzitegi Konstituzionalak ostegun gauerdirako erabaki behar du Gorenaren erabakiari eusten dion ala 61. salak baliogabetutako 133 zerrendak onartzen dituen. ASren abokatuek ere babes helegitea aurkeztu dute.
EAE-ANV alderdiko ordezkariek, Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu dute gaur, iragan igandean Auzitegi Gorenak talde honetako 133 zerrenda baliogabe uzteko hartutako erabakiaren kontra.
Gorenak aho batez erabaki zuen Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak inpugnatutako 133 zerrenda horiek baliogabetzea, Batasuneko kidez osatuta zeudela argudiatuz.
Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, ilegalizatuta dauden alderdi politikoetako hautagaiez osatutako zerrenda horiek "kutsatuta" daude.
"Zerrenda horiek beraz, ETA eta alderdi horietako militante edota ordezkarien artean dauden harreman estu horien isla edo jarraipena dira", dio agiri horrek.
Konstituzionalak ostegun gauerdia orduko erabaki beharko du Gorenaren erabakiari eusten dion ala 61eko salak baliogabetutako 133 zerrenda horiek onartzen dituen.
Bestalde, Abertzale Sozialistak taldeko ordezkariek ere babes helegitea aurkeztu dute auzitegi honen aurrean.
Ildo horretan, iturriek jakinarazi dutenez, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak egun bateko epea dute honi buruz duten iritzia emateko.