Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: BERRIAK

Gutxienez ustezko 60 taliban hil dira NATOren bonbardaketa batean

maiaiz 16/05/2007 @ 09:55

Gutxienez 60 ustezko taliban, tartean hiru buruzagi, hil dira eta beste hamarnaka zauritu, NATOk Kandaharren burutu duen bonbardaketa batean, polizia-iturriek Eferi jakinarazi diotenez.

NATOk, Afganistango Armadarekin elkarlanean, espioitza-txosten batzuk eskuratu zituen, eta horien arabera, Zherai barrutialdeko bi zonaldetan talibanak berriro biltzen ari ziren.

Gauzak horrela, operazio-militarra abian jarri zuten. Bonbardaketaren ondorioz zibilik eta Afganistango Armadako soldadurik ez dela hil adierazi dute bertako polizia-iturriek. Operazioa bart amaitu zen.

Bestalde, NATOren babesarekin jarduten duen Segurtasunaren Laguntzarako Nazioarteko Indarrak (ISAF) esan du operazioaren berririk ez duela. Hori dela eta, litekeena da bonbardaketa tropa estatubatuarrek egin izana.

NATOren soldaduak Afganistanen. Argazkia EFE

Greba deialdiei eutsi ala ez erabakiko dute sindikatuek gaurko bileran

maiaiz 14/05/2007 @ 13:38
Sindikatuen esanetan, orduek aurrera egin ahala zailagoa da greba bertan behera uztea.Camposek, bere aldetik, CCOOrekin akordio bat lortzekotan dela eta gainerako sindikatuekin ere gauza bera jazotzea nahi duela esan du.
UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariak. Argazkia EFE
UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariak. Argazkia EFE

Hezkuntza publikoko UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek gaur erabakiko dute aste honetarako deitutako grebak bertan behera utzi edota deialdiei eutsiko dieten. Hezkuntza Sailarekin bilera egiten ari dira goizetik eta badirudi "oso zaila" izango dela akordio bat erdiestea.

Hain zuzen ere, iragan ostiralean bilera atzeratzea erabaki zuten lau sindikatu hauek, CCOOek eta Hezkuntza ordezkariek eta gaur berriz bildu dira.

Oraingoz, UGT, ELA, LAB eta STEE-EILASek ez dute datozen egunetarako deitutako lanuzteak bertan behera uzteko asmorik erakutsi. Beraz, bihar greba egingo dute Gipuzkoan, etzi Araban eta asteazkenean Bizkaian. Gainera, hilaren 24rako greba eguna deitu dute EAE osoan.

CCOO sindikatuak, ordea, ez du mobilizaziotan parte hartuko.

Bilera hasi aurretik eman duten prentsaurrekoan, orduek aurrera egin ahala greba bertan behera uztea zailagoa dela esan dute lau sindikatuek eta Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrerarekin akordio batera iristea "oso zaila" izango dela gaineratu dute. "Tontxu Camposek zuzentzen duen Sailaren teilatuan dago orain pilota" adierazi dute.

Tontxu Camposen adierazpenak

Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak gaur esandakoaren arabera, baliteke aurki CCOOrekin akordio bat erdiestea. Ildo horretan, gainerako sindikatuekin ere gauza bera gertatzea gustuko izango lukeela zehaztu du, "horrek egonkortasuna eta eskola publikoaren irudia hobetzea" ekarriko lukeelako.

Camposek, iragan asteazkeneko bilera "oso positiboa" izan zela gogorarazi du eta horri esker, ostiralean hainbat ordu negoziatzen aritu zirela gaineratu du. "Bertan, hainbat gai jorratu genituen".

ANVk helegitea aurkeztu du zerrendak baliogabetzearen aurka

maiaiz 09/05/2007 @ 10:09

Auzitegi Konstituzionalak ostegun gauerdirako erabaki behar du Gorenaren erabakiari eusten dion ala 61. salak baliogabetutako 133 zerrendak onartzen dituen. ASren abokatuek ere babes helegitea aurkeztu dute.

EAE-ANV alderdiko ordezkariek, Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu dute gaur, iragan igandean Auzitegi Gorenak talde honetako 133 zerrenda baliogabe uzteko hartutako erabakiaren kontra.

Gorenak aho batez erabaki zuen Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak inpugnatutako 133 zerrenda horiek baliogabetzea, Batasuneko kidez osatuta zeudela argudiatuz.

Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, ilegalizatuta dauden alderdi politikoetako hautagaiez osatutako zerrenda horiek "kutsatuta" daude.

"Zerrenda horiek beraz, ETA eta alderdi horietako militante edota ordezkarien artean dauden harreman estu horien isla edo jarraipena dira", dio agiri horrek.

Konstituzionalak ostegun gauerdia orduko erabaki beharko du Gorenaren erabakiari eusten dion ala 61eko salak baliogabetutako 133 zerrenda horiek onartzen dituen.

Bestalde, Abertzale Sozialistak taldeko ordezkariek ere babes helegitea aurkeztu dute auzitegi honen aurrean.

Ildo horretan, iturriek jakinarazi dutenez, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak egun bateko epea dute honi buruz duten iritzia emateko.