Greba deialdiei eutsi ala ez erabakiko dute sindikatuek gaurko bileran
Sindikatuen esanetan, orduek aurrera egin ahala zailagoa da greba bertan behera uztea.Camposek, bere aldetik, CCOOrekin akordio bat lortzekotan dela eta gainerako sindikatuekin ere gauza bera jazotzea nahi duela esan du.

UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariak. Argazkia EFE
Hezkuntza publikoko UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek gaur erabakiko dute aste honetarako deitutako grebak bertan behera utzi edota deialdiei eutsiko dieten. Hezkuntza Sailarekin bilera egiten ari dira goizetik eta badirudi "oso zaila" izango dela akordio bat erdiestea.
Hain zuzen ere, iragan ostiralean bilera atzeratzea erabaki zuten lau sindikatu hauek, CCOOek eta Hezkuntza ordezkariek eta gaur berriz bildu dira.
Oraingoz, UGT, ELA, LAB eta STEE-EILASek ez dute datozen egunetarako deitutako lanuzteak bertan behera uzteko asmorik erakutsi. Beraz, bihar greba egingo dute Gipuzkoan, etzi Araban eta asteazkenean Bizkaian. Gainera, hilaren 24rako greba eguna deitu dute EAE osoan.
CCOO sindikatuak, ordea, ez du mobilizaziotan parte hartuko.
Bilera hasi aurretik eman duten prentsaurrekoan, orduek aurrera egin ahala greba bertan behera uztea zailagoa dela esan dute lau sindikatuek eta Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrerarekin akordio batera iristea "oso zaila" izango dela gaineratu dute. "Tontxu Camposek zuzentzen duen Sailaren teilatuan dago orain pilota" adierazi dute.
Tontxu Camposen adierazpenak
Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak gaur esandakoaren arabera, baliteke aurki CCOOrekin akordio bat erdiestea. Ildo horretan, gainerako sindikatuekin ere gauza bera gertatzea gustuko izango lukeela zehaztu du, "horrek egonkortasuna eta eskola publikoaren irudia hobetzea" ekarriko lukeelako.
Camposek, iragan asteazkeneko bilera "oso positiboa" izan zela gogorarazi du eta horri esker, ostiralean hainbat ordu negoziatzen aritu zirela gaineratu du. "Bertan, hainbat gai jorratu genituen".


Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi